MUSIKA ESTILOAK
MUSIKA ESTILOAK
Gauzak izendatzeko beharra aspaldikoa da. Hizkuntzak sortu zirenetik, gauza bakoitzari izen bat jartzeko beharra sentitu du gizakiak elkarkomunikatzeko eta elkarulertzeko tresna gisa. Nortaz edo zertaz ari zara? Musikarekin ere berdin gertatzen da. Nortzuk dira eta zer nolako musika egiten dute?
.jpg)
Marrazkia: Mikel Barreiro.
Talde edo artistak izendatzeko ez da arazo gehiegi izaten, subjetibitateak pisu haudia du eta malgutasun gehiago dago. Askok esango lukete: “Izena asmatu eta kitto” (erres esaten da ezta? Praktikan ordea uste baino arazo gehiago sortzen dira; denen gustokoa ez dela, originaltasuna falta duela, arazo legalak...). Arazoak arazo, azkenean izen bat edo beste jartzen da. Musika definitzerako garaian sortzen dira benetazko arazoak. Musika ez da zientzia zehatza eta sentimenduak eta sensazioak garrantzi haundia dutenez zaila izan ohi da adostasuna lortzea. Musika estiloek, musika sailkatzeko eta definitzeko balio dute teorian, baina praktikan, ez da horren errasa.
Zeren arabera sailkatzen da musika bat edo beste estilo batean edo bestean? Erritmo kontua da? Erabilitako instrumentazio edo grabazio teknikaren araberakoa? Kantuen tematikak zerikusia du? Taldekideen itxura edo estetikari begiratu behar zaio? Musika egin edo grabatu deneko urteak edo garaiak garrantzia du? Zoratzeko modukoa ezta? Zorionez, esan bezala, musika ez da zinetzia matematikoa eta definizioen eremua gainditzen du. Orohar, musika, estiloetan sailkatzea eztabaidagarria izango da beti; batetik, estiloen mugak ez direlako batere argiak eta bestetik, musika, gizakien antzera, aldatzen eta eboluzionatzen doalako etengabe. Gaur egun gainera, geroz eta gehiago ematen dira estiloen arteko harremanak, maitasun harremanak batzuk eta gorroto harremanak besteak.

Marrazkia: Mikel Barreiro.
Musikarena gusto kontua dela esango genuke eta musikarekin gozatzea, sentitzea eta ikastea ( edo gozaraztea, sentiaraztea eta erakustea) da garrantzitsua eta ez horrenbeste musika hau honela edo horrela izendatu behar dugun. Musika estiloak erreferentzi modura erabili beharko genituzke, musikaren unibertso zabal honetan zertaz ari garen jakin dezagun, gure burua kokatu eta gutxi gora behera non gauden jakin dezagun, besterik gabe.
“Niri bakarrik musika hau gustatzen zait, onena da eta beste guztia kaka bat da, ez dut beste ezer entzun nahi”. Askotan entzun ditugu horrelakoak eta horrelako esaldiek zentzu haundirik ez dutela pentsatu izan dugu beti. Zergatik jarri behar dizkiogu horrelako mugak gure buruari? Ez du zentzu haundirik ezta? Izen eta moden gainetik musikarekin ikasi, gozatu eta disfrutatu dezagun.
MUSIKA BELTZAREN ZUHAITZA
Zertaz ari gara “Musika Beltza” diogunean? Musikak ba ote du kolorerik? Lehenik eta behin, definizio guztiak oso subjetiboak direla gogoratu nahiko genuke eta definizioa egiten duenaren arabera, musika bakoitza, era desberdinetan definitu daitekeela. Guri dagokigunez, lehenik eta behin, musika beltza ederra eta positiboa dela esango genuke. Beltza hitzari zentzu ezezkorra, negatiboa eman nahi izan zaio gure gizartean ( Diru beltza – ilegala-, katu beltza – zorte txarra-, egun beltza, beltza = zikina...) eta ez du zergatik.

Beltzekiko arrazakeriarekin zerikusia ote? XIV eta XV. mendeetan Portugesak eta Espainiarrak esklabutzarekin hasi zirenean beltzak maila “baxuagokoak” zirela uste zen ( usteak erdi ustel, beltzak “basatiak” zirela esaten zen hori txarra izango balitz bezala) eta hori aitzaki hartuta, Ameriketara eraman eta soroetan, abereak bailiran, lan gogorrak egitera behartu zituzten indarrez. Abere “basati” hauek nortasuna zuten, ohiturak zituzten, hizkuntzak, historia, sinesmenak... eta guzti horiekin, debekuen bidez, akabatzen saiatu ziren zuri “jakintsuek”, baina ez zuten lortu. Ahozko tradizioaz baliatuta, kantuen bidez, neurri haundi batean, esklabu beltzek, izaera eta nortasuna mantentzea lortu zuten. Ahots tradizio honen garapenetik sortutako musikari deitzen diogu, modu orokorrean, Musika Beltza; enbor berdina izanda ere, etengabe haunditzen doan eta adar ugari garatu dituen zuhaitz zahar eta sendoa.

Jarraian, modu labur eta oso subjetiboan bada ere, zuhaitz horren adarretako batzuk aipatuko ditugu:

BLUES
Lamentuzko musika. Zapaldua eta sufrimenduan bizi denaren garraxi musikatua. Ahotsarekin hasieran eta instrumentazio sinpleaz lagunduta ondoren (Rhytm&Blues), aldaketa haundiegirik gabe iritsi da gure artera. Klasikoak: John Lee Hooker, Muddy Waters eta zure gustoko edozein.

GOSPEL
Fededunaren musika. Ahotsa da gizakiak duen istrumenturik baliotsuena. Eliz kantuak. Kristautasuna eta afrikar eriljioak uztartu ditu eta bluesarekin geratu bezala, aldaketa gutxi izan ditu. Klasikoak: AEBetako hegoaldeko edozein eliz abesbatza.

JAZZ
Askatasunaren musika. Mugak apurtu, jolastu eta esperimentatzeko musika. Estilo librean. Garapen haundia izan du historian zehar eta azpiestiloak ere kontaezinak (Latin Jazz, Be Bop, Nu Jazz..). Klasikoak: Kontaezinak.

SOUL
Arimaren musika. Kaleratu itzazu barruan dituzun sentimenduak, garraxi egin eta biluztu zaitez. 60. hamarkadan, AEBetako afroamerikar komunitatearen bozgailu izan zen, itzaletik atera eta arrakasta komertzialaren argia ikusi zuen; beti ere, zurien moraltasuna mindu gabe. Gure klasikoak: Marvin Gaye, Curtis Mayfield eta Aretha Franklin.

FUNK
Zentzuen musika. Ikutu, usaitu eta dastatu ezazu. Erritmoa eta izerdia. Afrika eta Ipar amerikaren arteko konexioa. Zikina. Soularen eta bluesaren anai galdua. 70. hamarkadan afroamerikar “zintzoak” “gaiztotu” zituen. Aldarrikapenerako musika, araurik inposaturik ez. Betiko klasikoak: James Brown, George Clinton eta Sly Stone.

DISCO
Gozamenerako musika. Dantzatu eta disfrutatu. Ahaztu zaitez eguneroko bizimoduaz. Sexu askatasuna, loturarik gabe. Afroamerikar iraultzaileek eta zuri “garbiek” demonizatuta. Bonboaren erreinua. Klasikoak: Chic, Sister Sledge eta Gloria Gaynor.

RAP
Hitz musikatua. Hitza eta poesia erritmoarekin maitemintzen dira. Kaleko bozgailua sorreran eta industriaren diru iturri nagusia orain. Break dantza eta grafitiarekin batera Hip-Hop kulturaren funtsesko osagaia. Ezinbestekoak: Public Enemy, N.W.A. eta Arrested Development.

REGGAE
Ibai eta basoen musika. Jamaikan sortu eta mundu osora zabaldu den bibrazio positiboa. Musika topikoen adibide eta estiloen barruko aberastasunaren erakusgarri. Urteak pasa ala esaten diote batzuk esan nahi duten arren. Ezinbestean sortutako inguruneari lotutako musika. Askoren artean: Dennis Brown, Burning Spear eta Abyssinians.

BRASILGO MUSIKA
Berez erreportai osoa beharko lukeen definizioa, estilo bakar batez baino herrialde izugarri haundian sortutako estilo desberdinak jasotzen dituelako. Gure artean ezagunenak: samba, bossanova eta batucada. Munduko edozein erritmo hartu eta bertan sortuta balitz bezala interpretatzeko gaitasuna duen herrialdea. Aberatsa.

AFRIKAR MUSIKA
Gure ezjakintasunaren adibide den izendapena. Hau ere, aurrekoa bezala, estiloa baino kontinente oso bateko ehundaka herrialdeek milaka urtetan sortutako aberastasun musikala laburbiltzen saiatzen da. Etorkizunari begira, munduan sortuko diren erritmo berri eta kitzikagarrienen seaska.
----
MUSIKA ELEKTRONIKOA
Zer da Musika Elektronikoa? Teorian, eta modu oso orokor batean esanda, aparailu elektronikoekin egindako musika da. Definizio hau, beste guztiak bezain subjetiboa, denborarekin balioa galtzen doa. Hasiera batean, aparailu elektronikoekin egindako musika, nahiko mugatua zen eta bere sailkapena nahiko errexa zen. Aparailu hauen ugaritzearekin batera, geroz eta jende gehiagoren esku daude orain eta honek aparailu hauekin egiten den musika eremua asko haunditzea suposatu du. Beraz, gaur egun, munduan zehar egiten den musika asko, aparailu elektronikoen bidez egiten da, eta estiloei dagokienez, estilo guztietako musikak egin daitezke aparailu hauek erabilita. Ia guztion eskura (mendebalde “aurreratuan” bai behintzat) dagoen etxeko ordenagailu batekin, grabazio estudio aurreratuenak dituen ia prestazio guztiak lortu ditzazkegu (teorian bai behintzat). Hori horrela izanda, “Musika elektronikoaren” esparruan sailkatzen diren estiloak azalduko ditugu modu subjetibo eta laburrean:

TECHNO
Musika elektronikoarekin identifikazio zuzenena duena da. Aparailuekin sortutako erritmoa oinarrian. Hotza, errepikakorra eta hipnoptikoa. Melodiaren gainetik erritmoa nagusi. Futurismoa, Funkadelik, Detroiteko kotxe industriaren zarata, Kraftwerk sintetizadoreak eta espazioa. Klasikoak: Juan Atkins, Derrick May eta Jeff Mills.

HOUSE
Disco musikaren garapena batzuentzat. Chicago eta New York. Erritmo aldetik antzekotasunik ez zaio falta beste guztian berriz zalantzak haundiagoak dira. 4x4. Techno mota batekin batera, gaur egungo dantza musika arrakastatsuena da eta komertzialki diru mugimendu haundiena duena. Sorkuntza mailan etengabe garatzen ari da. Bonboaren erresuma. Klasikoak: M.A.W, Todd Terry eta Larry Heard.

BREAKBEAT
Erritmo apurtua. Rap musikaren anai azkarra dela diote askok. 90. hamarkada amaieran, besteak beste, Norman Cook bezalako dj, musikari eta produktoreei esker, arrakasta itzela lortu zuen. Beste estiloekin nahasteko errestasuna (funkia, technoa...). Klasikoak: Fat Boy Slim, Freestylers eta Finger Lickin crew.

JUNGLE/DRUM&BASS/UK GARAGE
Ohianeko erritmo zoroak. Ingaleterrako auzo txiroetako jamaikar etorkinek erritmo kutxa merkeekin jolasean. Erritmoen esperimentazioa eta abiadura bikoiztua. Hasiera batean, baxu distortsionatuekin eta ragga ahotsekin eta denbora pasa ala, gehienbat, musikari eta produktore zurien eskutik, melodikoagoa eta jazzeroagoa. Soul ahotsak. Drum & Bass arrakastatsua. Gaur egun, estiloen jokoan galduta (uk garage, speed garage...) Klasikoak: Goldie, Roni Size eta Metalheadz crew.

LOUNGE/DOWNTEMPO/CHILL OUT
Musika elektronikoaren anai-arreba lasaienak. Bristoletik bueltan komertzialtasunaren jokoan astebururo izen berria kalean. Abiadura lasaiak une aproposarako. Chill-Out: festa amaitzear dagoela, ziztu bizian doazen bihotzak moteltzeko beharra. Lounge: 60-70. hamarkadetako musiken inspirazioaz egindako erritmo lasaiak. Klasikoak: Thievery Corporation, Kruder & Dorfmeister eta Bristol Posse.

ETHNO-TECHNO
Dagoeneko ia inork erabiltzen ez duen arren bere garaian musika tradizional herrikoia eta musika elektronikoaren arteko lotura adierazteko erabiltzen zen. Afrikar musika eta erritmo elektronikoaen arteko elkarlanak adibidez, arrakasta itzela du egun, nahiz eta gehienetan norabidea europear dj eta ekoizleetatik afrikar doinuetara doan, alderantzizkoa ere ematen ari da geroz eta gehiago. Brasilgo musikarekin ere antzeko zerbait gertatzen ari da. Klasikoak: Mori Kanteri egindako lehen nahasketak edota Frederick Galliano eta African Divas.
Definizioa hauek, zuzenak zein okerrak, modu sinplean, estilo hauen idei orokor bat egin dezagun balio dute soilik eta azaleko azalpenean geratu baino hobe genuke musika hauen atzean dagoen mundu (unibertso) zoragarrian barneratuko bagina, gozatzen ikasteko modu aproposa baita.
Oharra: definizio hauek besteak bezain baliagarriak dira eta edozien epaitegiaren aurrean defendatuko ditugu, zigorra haundiegia ez bada behintzat.
ARITZ SOUND SYSTEM
